TXINO ETA NAKED BREAK DANTAZARIEI ELKARRIZKETA

BREAK DANTZARIAK elkarrizketa

BREAK DANTZA 
GORPUTZAREKIN ADIERAZTEKO BEHARRA 


Break dantza. Geroz eta ezagunagoa egiten zaigu izen hori baina, zer dakigu benetan break dantzari buruz? Raparekin erlazionatzen da, lurretik bueltaka ari diren beltzekin erlazionatzen da baina, dantzatzen ote da break dantza Euskal Herrian? Bai, noski. Eta ondo gainera. Txino eta Naked break dantzariak dira eta Zizurren bizi dira (Iruñea ondoan). Urteak daramatzate break dantza eginez. Oso ondo gainera. Break dantzari buruz galdetu diegu eta hauxe da erantzun digutena: 

Naked eta Txino, gorputza mugimenduaren militante :-)
(Argazkia: Unai Beroiz. Gaztetxulo).


Aritz: Gazteak zarete biak eta hala ere urteak dira break dantza egiten duzuela. Noiz hasi zinaten eta zergatik? 

Txino: Bederatzi urte nituela hasi nintzen break dantzaz interesatzen. Iñaki (Naked) ezagutu nuen; garai hartan berak grafittiak margotzen zituen eta elkarrekin break dantza egin behar genuela esan nion, ona zela gorputzarentzat eta kirol modura hartu genuen hasieran. 

Aritz: Alain izeneko break dantzari gaztea ezagutzen dugu. Zortzi urte ditu eta oso ondo dantzatzen du. Oso gaztea denez, gorputza ez du oraindik osorik garatu eta horrek muga batzuk jartzen dizkio. Zuei ere, hasieran antzekoa gertatuko zitzaizuen. Noraino du garrantzia bakoitzak duen gorputza break dantza egiteko garaian? 

Naked: Guri ere antzeko zerbait gertatzen zitzaigun. Gaztetxoa zarenean eta gorputza osorik garatua ez duzunean indar gutxiago duzu eta zure mugak zeintzuk diren jakin behar duzu. Orain ere, gorputza garatuta izan arren, bakoitzak dituen mugen jabe izan behar du. Orain, lehen baino gauza gehiago egin ditzakegu noski baina gure mugak ditugu. Gorputza guztiak desberdinak dira eta batzuk indartsuagoak izango dira eta besteak arinagoak. Bakoitzak duen gorputzaren arabera mugimendu batzuk besteak baino hobeto egin ahalko ditu. 

Naked, bere txiribuelta famatuak eginez...


Aritz: Jende askok uste du break dantza indar kontua dela soilik baina indarra baino gehiago behar da pauso eta mugimendu onak egiteko, ezta? Zuek nola ikasi duzue, irakasleren bat izan duzue ala zuen kabuz ikasi duzue? 

Txino: Break dantzan indarra baino gehiago behar da. Argi dago gorputza landu behar duzula eta indarra garrantzitsua dela baina beste arlo batzuk ere garatu behar dituzu (oreka adibidez). Guk ez dugu irakaslerik izan. Autodidaktak gara. Egia da beste dantzarien bideoak ikusten ditugula eta horrek pauso berriak asmatzera motibatzen zaitu. 

Naked: Besteengatik ere ikasi dezakezu noski baina politena zu zeuk pauso berriak asmatzea da. Bakoitzak bere estiloa garatu behar du. Ez dago ondo ikusia besteen pausoak kopiatzea. 

Aritz: Break dantzaz ari gara baina agian jende askok ez du oraindik oso garbi break dantza ze arraio ote den. Nola azalduko zenioke jende horri zer den break dantza? 

Naked: Jendeak break dantza lurrera bota eta txiribueltak ematea dela uste du baina break dantza hori baino konplexuagoa da. Break dantza kirol antzekoa da, gorputza mugimendu batzuk egitera behartzen duzu eta mugimendu horiek gimnasian egiten diren mugimenduen antzekoak dira askotan (potroak, etab). Dantza pausoak gimnasiaren mugimenduekin elkartzen dira. Gorputzaren espresio bidea da oinarrian. 

Aritz: Break dantzak, dantza guztiak bezala, harreman zuzena du musikarekin. Zein da break dantza eta musikaren arteko harremana? 

Txino: Harreman estua dago. Break dantzan erritmoari jarraituz dantzatzen da. 

Txino buruz behera, Hernaniko Artixten topaketa ekimenean...


Aritz: Break dantza Hip-Hop mugimenduaren parte dela esaten da, hip-hoparen zuhaitza osatzen duten adarretako bat dela. Dena den, break dantza funk musikarekin hasi zen, lehenengo break dantzariak festetan disko jartzaileak jarritako abestiaren zati instrumentalaren gainean dantzan jartzen ziren eta askotan, disko jartzaileari, zati hori behin eta berriro errepikatzea eskatzen zioten erritmoaren zatia luzatu eta denbora gehiagoz dantzatu zezaten. 

Naked: Bai, break dantza jende askok raparekin erlazionatzen du soilik baina rap musikaz gain, funk eta beste estilo batzuk ere erabiltzen dira dantzatzeko. 

Txino: Rock kantuekin dantzatzen duten lagun batzuk ezagutzen ditugu eta batzuetan, koreografietarako, musika klasikoaren zatiak ere erabili izan dira. 

Aritz: Urteak dira dantzan hasi zinatela. Aldaketarik atzeman duzue zuek hasi zinatenean eta orain dagoen mugimenduaren artean?. Nolakoa da jendearen erantzuna? 

Naked: Break dantzan aritzea ez da batere erraza. Jende asko hasten da dantzan eta berehala usten du oso zaila dela esanez. Konstantea izan behar zara. Zure gorputzak eman dezakeenaz kontziente izan behar zara. Bakoitzak ahal duena egin behar du. Denborarekin hobetzen zoaz. Garapena etengabea izan daiteke. Dena den, duela gutxi iritsi da Euskal Herrira eta oraindik ez da oso ezaguna. 

Naked, grabetateari aurre eginez...


Aritz: Break dantza egiten duzuenean batzuetan bakarka eta besteetan taldeka aritzen zarete. 

Naked: Bai, guk biak elkarrekin askotan egiten ditugu saioak baina gure taldea ere badugu, Team Rockers izena du eta taldean koreografiak ditugu. Zorionez, pixkanaka geroz eta talde gehiago eratzen ari da eta maila geroz eta altuagoa da dantzarien artean. 

Aritz: Break dantzaz ari garenean bi maila desberdindu beharko genituzke; batetik, erakustaldiak daude, informalagoak eta inprobisatzerako tarte gehiago dutenak eta bestetik, lehiaketak daude. Azken hauetan taldeak aurrez prestatutako koreografia lantzen du, epai mahai bat dago, etab. Zuek zer nahiago duzue? 

Naked: Nik erakustaldia nahiago dut. Jendeak gehiago disfrutatzen du eta harreman gehiago dago ikuslearekin. Beroagoa da. Lehiaketan prestatuago eramaten da dena, serioagoa da. 

Txino airean, ez da argazki muntaia...
 

Aritz: Zer garrantzia ematen diozue ikuslearekiko harremanari? 

Naked: Oso garrantzitsua da. Ikusleak izugarrizko eragina du dantzariengan. Ikusleak txalo egiten badute eta dantzariak animatzen badituzte askoz ere giro hobeagoa sortzen da eta ziurrenik dantzariek ere, askoz ere hobeto dantzatuko dutela. 

Txino: Guri jendearekin harremana asko gustatzen zaigu. Jendeak ondo pasa dezala nahi dugu eta ikuslea zirikatzen saiatzen gara. Kosta egiten da batzuetan jendea begira geratzen delako eta agian gustura daude baina ez dute azalerazten. 

Aritz: Zer esango zeniokete break dantzan hasi nahi duenari? 

Naked: Kultura ederra dela esango nieke. Ez dagoela adin mugarik eta ederrena jendea ezagutzea dela. Leku asko eta jende desberdina ezagutzeko aukera ematen du. Aurpegiak aurez aurre ikusiko ditugu (barrezka) 

Txino: Helburua ez da onena izatea. Hori ezinezkoa da, beti egongo da norbait zu baino hobeagoa dena. Ondo pasa eta jendea ezagutu nahi dugu. Horrek motibatzen gaitu. 

ARITZ SOUND SYSTEM
Argazkiak: Unai Beroiz (lehenengoa) eta Juan Kosmik (gainontzekoak)


Gaztezuloko web orrian ikusteko: HEMEN